Hiriak
Estella-Lizarra
Lizarra, Estella, Estella-Lizarra, XI. mendearen hasieratik hiri den udalerri bakarra izendatzeko hiru izen.
Hori bai, hiri bihurtu baino askoz lehenago ere, mende asko aurretik, zalantzarik ez da bertan herrixka bat bazegoela dagoeneko. Bertako kaleetatik baskoiak, frankoak, juduak eta beste zenbait herri eta kultura igaro dira, Lizarrari egungo nortasuna eman dioten nafarrak, ondare aberats baten oinordeko den ñabarduraz betetako nortasuna.
Kultur ondare ikusgarria bakarrik ez, harrotzeko moduko mugimendu asoziatiboa ere badu Lizarrak. Elkarte, klub eta kolektibo horiek guztiek, urte osoan zehar biziz betetako hiri bihurtzen dute Lizarra, bereziki jaiegunetan; inauteriak, Gabonak, Erdi Aroko Astea, jai handi eta txikiak, ez lirateke direna izango herritarren inplikaziorik gabe. Elkarte eta kolektibo horietako batzuek, maila handiko kirol ekitaldiak antolatzen dituzte, hala nola Club Ciclista Estella elkarteak antolatutako errepideko txirrindularitzako Miguel Indurain Sari Nagusia edo Club BTT Navarra elkarteak antolatutako MTB Superprestigio mendi bizikletako lasterketa. Bi probok Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) egutegiaren barruan daude.
Zalantzarik gabe, Donejakue bidearekin aspalditik duen lotura estuaren ondorioz, merkataritza da Lizarrako funtsezko sektore ekonomikoetako bat. Gaur egun, dagoeneko XXI. mendean sartuta gauden honetan, hiriak Lizarrako merindade osoan erreferente izaten jarraitzen du erosketak egiteko orduan, eta, horren erakusle, askotariko eskaintza aurkituko du bisitariak bertan, modernoa zein tradizionala, astero egiten den merkatua kasu.