Hiriak

Arroitz

Herria Montejurra mendiaren hegoaldeko oinean bertan kokatuta dago. Kokapen horri esker, Arroitz leku ezin hobea da mendi bideetan oinez, korrika edo mendiko bizikletan ibiltzeko.

Kiroldegiaren ondoan eta autokarabanetzat prestatutako eremuan daude ibilbideen bi panelak, familian egitekoak eta Trail 50 espazioak prestatutakoak. Nahi izanez gero, aldez aurretik ezarritako prezio txiki bat ordainduta kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuak erabil ditzakegu, hau da, arropazaindegia eta dutxak.

Arroitz jaurerri noblea izan zen iraganean, eta horren erakusle da herriak hiribildu izendapena ere baduela egun. Pentsa, XI. mendean jada Lope Fortuñones eta Fortún Lópezen ardurapeko tenentzia gisa dokumentatuta dago. Ondoren, Karlos III.a Nafarroakoaren (ezizenez Karlos Noblea) jabetzako lur izatera pasa zen, eta, 1342an, erregeak Arroitz ez besterentzeko konpromisoa hartu zuen. Urte batzuk geroago, erregeak bere petxaren eta errenten oinordetzazko dohaintza egin zuen Karlos Beaumontekoaren alde. XIV. mendean zehar, Arroitzek despopulazioa bortitza jasan zuen, bai biztanleria % 20ra murriztu zuen 1348ko izurri handiaren eraginez bai 30 urte geroago Gaztelarekin izandako gerra tarteko. Behe Erdi Aroan «La Solana» ibar historikoko parte izan zen Doneztebe Iguzkitza ibarreko gainontzeko herriekin batera. Aldiz, 1553an, hiribildua Leringo Konderriaren parte gisa agertzen da. 1647az geroztik, «Valle de Santesteban de la Solana» ibarreko parte izan zen berriro Arroitz. 1828an bertatik irteten saiatu zen, baina 1845era arte ez zuen lortu.

Hainbat garaitako aztarnategi arkeologikoak daude Arroitzen, eta Brontze Aroko leundutako tresna bat ere aurkitu da herrian.

Erdi Aroko San Salvador parrokia, XVII. mendeko Mendiako Andre Mariaren basilika eta San Pedro, Santa Zezilia eta Mahastietako Andre Maria baselizak nabarmentzeko modukoak dira. Era berean, hiribilduko arte zibila ere aipagarria da, Foruen Plaza bereziki.

Arroitz kirol tradizio handiko herria da, eta horren erakusle dira bai bertako kirol klubak bai udalerrian antolatzen diren txirrindularitza (MTB Challenge) eta trail running (Udazkeneko Traila) probak ere.

Bere nabigazioari buruzko datu estatistikoak lortzeko baimena eskatzen dugu webgune honetan, 13/2012 Errege Lege Dekretua betez. Nabigatzen jarraitzen badu, cookieak erabiltzea onartzen duela uste dugu. OK | Informazio gehiago