Hiriak

Aberin - Muniain

Jurramendiren babesean hedatzen da Aberin, lau kontzejuk osatutako udalerria: Muniain eta Aberin herriak eta Arintzano eta Etxabarri auzoak. Aberinek udalerriari izena ematen dion bitartean, Muniain da udalerriko herriburua; bertan dago udaletxea eta biztanleen ia % 80 ere bertan bizi dira.

Antso VI.a erregeak (ezizenez Jakituna), Iruñeko errege izendapena erabiltzeari utzi eta Nafarroako erregearena erabiltzen hasi zen lehen errege nafarrak, tenplarioei dohaintzan eman zien Aberingo udalerria 1177an. Tenplarioen ordena desagertzean, Jerusalengo San Joanen Ospitalea ordenaren Etxebarriko enkomiendaren parte izatera igaro zen Aberin. Aberin kontzejuaren herrigunea muino batean dago, eta, bertako gailurrean, San Joan Bataiatzailearen Parrokia dago, tenplarioen monasterio izan zena; oraindik ere Erdi Aroko harresien aztarnak geratzen dira inguruan. Muinoaren magalean zehar hedatzen da herrigunea, eta kaleen eta plazen antolamendua nahiko gorabeheratsua da.

Muniain kontzejuaren herrigunea, bestalde, muino baten magalen eta ordokian zehar hedatzen da; hori horrela, beheko aldekoko espazio zabalean, Jasokundearen parrokia dago. Goiko aldean, berriz, plaza bat dago, Erramun Jaiogabearen («San Ramón Nonato») ermita hartzen duena.

Montejurra mendiaren magalean, bestalde, San Sebastian ermita dago. Urtero, urtarrilaren 20an, santuaren omenezko erromeria egiten da bertan.

Ega ibaiaren ondoan eta aipatu bi herriguneetatik aldenduta, Lizarrarako norabidean, Arintzano dago. Jaurerri izan zen luzaroan Arintzano, eta, bertan, XVI. mendeko zenbait eraikin biltzen dituen jauregia dago. Lurrotan aurki daitezkeen beste hainbat bezala, Arintzanokoa ere oinetxe jauregia da («Palacio Cabo de Armería» bezala ere ezagututako Nafarroako Erresumako leinu zaharrenen jatorrizko oinetxea). San Martin Tourskoari eskainitako eliza ere badago Arintzanon, XIX. mendeko eraikuntza neoklasikoa. Tokiko mikroklima esklusiboek mahatsondoak hazteko ingurune berezia sortzen dutelako ere nabarmentzen da Arintzano. Gaur egun mahasti asko daude bertan, baita Rafael Moneo arkitekto ospetsuak proiektatutako upategi garrantzitsu bat ere.

Ega ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubi ikusgarria ere derrigor aipatu beharrekoa da. 1414. urtean, Karlos III.a Nafarroakoak (ezizenez Karlos Noblea), zubia konpontzeko 60 florineko laguntza eman zuen. Herriko bitxi arkitektoniko nagusietakoa da zubia eta duela urte batzuk zaharberritu zuten.

Historia oparoa izatetik harago, izaera propioa mantentzen jarraitzen du Aberin udalerriak egun ere, eta, horren erakusle, zerbitzu eskaintza zabala aurkituko du bertan bisitari orok: hainbat kirol egiteko aukera eskaintzen duen pilotaleku estalia, padel pista estalia, igerilekua, denda, farmazia, taberna-jatetxea, ludoteka...

Txirrindularitza bultzatzen ere denbora asko daramate lurrotan, eta, hala, Nafarroan MTB probak antolatzen aitzindari da Muniain. Dagoeneko 30 urte inguru ditu bertako mendiko bizikletako probak eta herriko XCO zirkuitua urte osoan zehar erabil daiteke. Bizikletaz ibiltzeko ez ezik, mendi-ibiliak egiteko ere leku aparta da Aberin. Muniainen kokatutako udaletxearen ondoan, seinaleztatutako ibilbide polit baten informazio guztia jasotzen duen panela aurkituko du bisitariak.

Bere nabigazioari buruzko datu estatistikoak lortzeko baimena eskatzen dugu webgune honetan, 13/2012 Errege Lege Dekretua betez. Nabigatzen jarraitzen badu, cookieak erabiltzea onartzen duela uste dugu. OK | Informazio gehiago