Hiriak

Deikaztelu

Deikaztelu Jurramendiaren hegoaldeko oinean kokatutako hiribildua da. Udal-mugartea Jurramenditik hegoaldeko lautadetarantz jaisten da, Ezkibel eta Barandalla albo banatan dituela.

Herrigunea muino batean kokatuta dago, eta, horrek, noski, hiru auzotan banatutako Deikazteluko hirigintza berezia baldintzatzen du. Auzoetako bat muinoaren goialdean dago, beste bat behealdean eta hirugarrena beste bien erdian. Deikazteluk beste auzo bat ere badu, San Pedro, ziur asko Erdi Aroan sortua herrigunetik gertu den Gazagako San Pedro elizaren inguruan, zehazki, monasterio zen garaian bertan lan egiten zuten jornalariak aterpetzeko. Deikazteluren jatorria Erdi Aroan izanik, ez da harritzekoa auzoak elkarrekin lotzen dituzten kaleak estuak eta bihurgunetsuak izatea, aldapez eta eskalinata luzez beteak. Horrek, noski, xarma berezia ematen dio herriari.

Ondare artistiko interesgarria du Deikazteluk, San Emeterio eta San Zeledon eliza delarik aipatutakoaren adierazgarri nagusia. Herriaren goialdean Andre Maria Nievaskoaren baseliza dago eta, herrigunetik kanpo, Gazagako San Pedro eliza eta San Isidro ermita. Arkitektura zibilaren arloan, berriz, Vega del Pozo kondesaren jauregia nabarmentzen da.

Benefizientzia plazan, ikastetxearen ondoan, herritik bertatik irtenda familian egin daitezkeen ibilbideen gaineko informazioa jasotzen duen panela dago. Ingurunea, halaber, mendi-ibiliak egin edo mendiko bizikletarekin ibiltzeko paregabea da. Horrez gain, urtero lasterketa bat antolatzeko erabiltzen den XCO zirkuitu bat ere badago, mendi-bizikletan ibiltzea gustuko dutenek urte osoan zehar erabil dezaketena.

Argazkiak: Montxo Alfonso

Bere nabigazioari buruzko datu estatistikoak lortzeko baimena eskatzen dugu webgune honetan, 13/2012 Errege Lege Dekretua betez. Nabigatzen jarraitzen badu, cookieak erabiltzea onartzen duela uste dugu. OK | Informazio gehiago