Hiriak
Barbarin
Barbarin Doneztebe Iguzkitza ibar historikoan kokatuta dago, «Valle de Santesteban de la Solana» bezala ere ezagutzen dena. Udal-mugartea luzanga eta estua da, eta ipar-mendebalderantz eta hego-mendebalderantz hedatzen da, inklinazio txikiarekin, Montejurra mendiko hego-mendebaldeko magaletik (727 m) Los Arcos udalerriko mugan den Barbajosa (463 m) ingurura arte.
Herriaren orografiari eta paisaiari esker, leku ezin hobea da Barbarin ibilketa nordikoko eta familia giroko ibilbideak egiteko, baita mendiko bizikletarekin eta hartxintxar gainean ibiltzeko prestatutako bizikletetan ibiltzeko ere. Gizarte Etxearen ondoan ibilbide horiek guztiak azaltzen dituen panel bat aurkituko dugu.
Barbarineko udal-mugartean, San Miguel izeneko lekuan, Burdin Aroko kokaleku bat dago. San Jorge ermitaren ondoan, berriz, erromatarren garaiko hiru aldare apaingarri aurkitu ziren, Selatse jainko erromatarrari eskainiak; uste denez, lurrotan gurtzen zen jainko bat zen Selatse. Bai aurkitutako aztarna arkeologikoek bai izenak berak ere iradokitzen dutenez, erromatarren garaiko nekazaritzako ustiategi bat izan zen bertan. Erdi Aro osoan zehar eta, ondoren, XIX. mendearen lehen erdira arte, «Valle de Santesteban de la Solana» ibarreko parte izan zen. Jakina da ere Barbarin, Etaiu eta Olexoa herrietako biztanleek, 1090 inguruan, Villamayor de Monjardín herriko gazteluaren jabetzakoak ziren lurrak luberritu zituztela. Gazteluari Deioko gaztelua ere deitzen zaio, «Deio» baitzen Villamayor de Monjardín herriaren izen zaharra.
Barbarin 1846an eratu zen udalerri independente gisa. Lau urte geroago, 1850ean, eskolak 80 robo gari jasotzen zituen urtean dote gisa (lurrotan erabiltzen zen neurri-unitatea zen robo-a). Are, 1920ko hamarkadan, ikastetxe pribatu bat eta nekazarientzako aurrezki kutxa bat ere bazituen herriak.
Herrigune txikia izan arren, ondare kultural eta arkitektoniko aberatsa du Barbarinek, besteak beste, San Joan Ebanjelariaren elizak, San Jorge ermitak, zazpi etxe armarridunek eta hainbat eraikin zibil interesgarrik osatutakoa. Barbarin landa eremuak bultzatzea helburu duen Espainiako Herri Abegitsuen Sareko («Red Nacional de Pueblos Acogedores») kidea da, eta, horri esker, El Mostillero izeneko coworking edo lan kooperatiboko gune bat ere badu.