Hiriak
Morentin
Jurramendiren hegoaldeko magalean dago herria, lautadarantz emeki-emeki hedatzen den mazela betean. Ondorioz, herrigunea zeharkatzen duten kaleak maldan daude, goreneko puntuan parrokia dagoelarik.
Geografikoki, Iguzkitza ibar zabalaren zati da, gazteleraz «La Solana»; herriaren izenak berak argi uzten duen moduan, haran oso eguzkitsua da, hego-ekialdera orientatuta eta haizearen babesean dagoena. Ega ibaiak bustitzen ditu, gainera, Morentineko lurrak.
San Andres parrokia jatorria Erdi Aroan duen eliza da; aldiz, XVI. eta XVII. mendeetan jasandako eraldaketek nolabaiteko kutsu errenazentista ematen diote. Elizaren oinetan, XVII. mendeko bigarren erdiko harlanduzko lan barroko baten zati bat kontserbatzen da. Bi ermita ere badaude Morentinen: Leoringo Ama Birjinaren baseliza eta San Gregorio Ostiakoaren («San Gregorio Ostiense») baseliza.
Armarridun zenbait etxe ere badaude herrian, batzuk XVI. mendekoak. Jauretxe eder bat ere badago, XVII. mendekoa, eta armarrian honako hau irakur daiteke: «Armas de los Ximenez de Leorin» («Leoringo Ximenez leinuaren armak». Aipatu jauretxean, Karlos VII.a erregegai karlistak Morentingo Manifestua sinatu zuen 1874an.
Errepidera jaisten den Miserikordia kalean, Urra Atea («Portal de Urra») dago, goiko aldean XVIII. mendeko armarri barrokoa duen erdi puntuko arku zabal eta guzti. Atari horren atzean, XVI. mendeko etxe bat dago, ateburu handia eta armarria dituena. Bada, armarrian, berriz ere irakur daiteke aipatu berri dugun goiburua: «Armas de los Ximenez de Leorin» («Leoringo Ximenez leinuaren armak».
Herriko frontoiaren ondoan, herrigunea eta Morentineko ermitak lotzen dituen seinaleztatutako ibilbideari buruzko informazioa ematen duen panel bat aurki dezakegu.