Hiriak

Villamayor de Monjardín

Herriaren izen tradizionala, gazteleraz, Villamayor da. Hori bai, izen hori ez zen XIII. mendera arte jasota agertu (jatorrian «Villa Maior»), eta, beraz, uste da herriaren sortzaileak edo birpopulatzaileak emandako izena dela, ziurrenik Antso VII.a Nafarroakoak (ezizenez Azkarra) XII. mendearen amaieran.

Espainian «Villamayor» izeneko herri ugari daudenez, 1908ko otsailaren 18an hartutako erabaki baten bidez, Geografiako Errege Elkarteak Monjardín mendiaren izena gehitu zion herriari, eta, horrenbestez, «Villamayor de Monjardín» izena hartu zuen. Mendiaren antzinako izena «Deio» zen. Tradizioak dioenez, mendiaren egungo izena Antso I.a Gartzeiz Iruñeko erregeari sor zaio («Sancho Garcés» gazteleraz eta «Sanzio Garseanis» latinez); izan ere, hil zenean Deioko gazteluan lurperatu omen zuten, mendiaren tontorrean dagoen gotorlekuan bertan. Bada, kondaira horren arabera, «Mons Garcini» terminotik, hau da, «Monte de Garcés», sortu zen «Monjardín» izena. Aldiz, zenbait egileren ustez, adibidez «Glosario de rutas de Navarra» lanaren egile Mikel Belasko, «Monjardín» izena «monte» eta «jardín» izenen elkarketa besterik ez da.

Villamayor de Monjardín «lau gezurren herria» bezala ere ezagutzen da. Izan ere, ez da «villa» edo hiribildu, ez da «mayor» edo nagusi, ez du «monja» edo lekaimerik, eta, azkenik, ez du «jardín» edo lorategirik ere.

Herriak ondare kultural eta arkitektoniko aberatsa du, aipatutako Monjardín edo Deioko gaztelua nabarmentzen delarik; herriko plazatik bertatik irteten den seinaleztatutako ibilbide bat hartuta hel daiteke gaztelura. Herrigunean kokatutako San Andres Apostoluaren Elizak ere merezi du bisita bat. Mairuen Iturria («Fuente de los Moros») eta San Salvadorko askak («Pilones de San Salvador») ere aipatzeko modukoak dira.

Villamayor de Monjardín herritik bertatik igarotzen da Donejakue bidea, eta, herrigunean, zenbait zerbitzu aurki daitezke.

Bere nabigazioari buruzko datu estatistikoak lortzeko baimena eskatzen dugu webgune honetan, 13/2012 Errege Lege Dekretua betez. Nabigatzen jarraitzen badu, cookieak erabiltzea onartzen duela uste dugu. OK | Informazio gehiago